autoreak.com

Barkatu atrebentzia, baina aldizkari honetako zutabetxo hau baliatu nahi dut esperimentu teatral bat proposatzeko.

 Ez dakit inoiz ohartu zareten, ziur aski bai, baina autoretzaren kontzeptua nabarmen aldatzen ari da denborarekin. Lehen (eta “lehen” esaten dudanean epe luze batetaz ari naiz, Grezia klasikotik XX mende ia bukaerarino) obra bat autori bati atxikitzen zitzaion derrigor: Edipo Errege-Sofocles; Hamlet-Shakespeare; Kraukasiar kerazko borobila-Brecht...

 Joan den mendearen bigarren erdian, berriz,  halako iraultza kopernikano bat suertatu zen, autorearen autoritate hertsiari aurre egin nahi ziona. Iraultza “edipikoa” izan zen, izan ere, autorea (aita, alegia) “asasinatzea” proposatu bait zuen. “Detesto las obras de texto” lemapean, Franko-osteko teatro talde independienteek istorioak kontatzeko  beste modu bat (edo modu asko) proposatu zuten (mimoa, mugimendua, kalea, txontxongilo txiki edo erraldoiak,  dantza, irudia...) testuaren diktaduraz libratzeko.  

Gaur egun, hala ere, autorea bere lekua berreskuratzen ari da. Ez du inoiz izango (eta hobe hala) aspaldian zuen itzala eta “ezin-ikututasuna”, baina bederen antzerkian testu sendo eta kalitatezkoen beharraz ohartu gara.  Dena den betiko moldea erabiltzen jarraitzen dugu: autorea bere etxeko bakardadean, bere musaren etorriaren mende idazten duen izaki isolatu eta bakartiarena.

 Beste esparruetan, aldiz, zinean edo ta telebistan, nabarmen aldatu da autorearen (gidoigilearen, kasu honetan) iharduera. Lan-taldea izaten da gehienetan. Zinemako gidoi bat gutxitan sinatzen du gidoigile bakar batek. Eta telebistako telesailen kasuan, hori anabasa da: badago ideia orokorraren sortzailea ; badago sailaren hildo orokorrak (« biblia »  deitzen diogu) zehazten dituen bat (edo batzu); badago kapitulo bakoitzaren bizkarezurra (« eskaleta » gure terminologian) zehazten duen bar (edo batzu) ; badago kapitulo bakoitzeko dialogoak idazten dituen bat (edo batzu)...  Azkenean kapitulo bakoitza « aita » jakinik gabe sortzen da. Horra industrializioak dakarren galera, despersonalizazioa, kate-produkzio industrialaren mesedean.

 Lan egiteko modu horrek autoretzari erromantizismoaren zati handi bat lapurtu dio, beste zenbait akatsen artean, baina badu bertute ukaezin bat: lau begik bik baino hobe ikusten dutela, ela hamar garunek batek baino gehiago pentsatu.

 Gauzak horrela, eta hona nire proposamena, nik telebistako gidoigintzaren teknika hau antzerkian probatu nahi dut, baino pausu bat haratago emanez: interneten bidez, blog batean, hain zuzen, proiektura batu nahi duen edozeinek parte hartu dezan.

 Ihardunbidea oso xinplea da (eta konplexua hein berean).  Ni, nire inguru hurbileko lan taldetxoaren laguntzaz,  izango naiz gidoiaren koordinatzailea. Abiapuntu bat planteiatuko dut, hau da, egoera dramatiko jakin bat. Ondoren (eta kasu honetan ordenak ez dit hainbeste ajola) pertsonaien perfilak eta historioaren bilakaera zehaztuko da. Ondoren, istorioa (eskenatokian hasieratik bukaeraraino ikusiko dugun peripezia) zehaztuko dugu. Istorioarekin konforme geratzen garenean (eta horretan inportantzia izugarria dauka bukaera on bat lortzeak) hurrengo faseari ekingo genioke, testua bera idaztea, “dialogatzea”. Orain arteko prozesuan lantalde birtualaren kontzeptua argi ikusten badut ere, ideien arloan mugitzen ari garelako oraindik, oraingo honetan (dialogatzearena)  zailagoa da esku-sartze kolektiboaren kontzeptua, baina egin ahala ikusiko dugu nola jokatu.

Prozesu guztian zehar, parte hartu nahi dutenen ideiak eta aportazioak jasoko ditugu, blogaren bidez, eta nire eta inguruko lantaldearen erabakia izango da (barkatu baina lemazaina behar ontzia portura iritsiko bada) zeintzu haintzakotzat hartu eta zeintzu ez.

Hona planteiatzen dudan abiapuntua: teloia altxatzen denean, arrantzontzi bateko kamarote bat ikusten dugu, buruz behera, hau da, sabaia lurrean eta zorua goian. Itxas kolpe batek ontzia irauli eta ondorengo minutuetan hasten da akzioa, Gran Sol-eko itxasoaren erdian. Kamarote barruan hiru marinel: patroi zaharra, Ondarrutarra; pilotu bat, hau ere Ondarrutarra; eta marinel gaztea, afrikar beltza.

Eta hona hausnarketarako oinarrizko galderak: ¿Nolakoa da kapitaina? ¿Nolakoa pilotua? ¿Nolakoa marinela? ¿Ze iragana dute? ¿Ze harremanak haien artean? ¿Ze egingo dute bizirauteko? ¿Ze arriskuei egin beharko diete aurre? Galdera guzti hauek galdera bakar batean laburbildu daitezke: ¿Zein da konflikto dramatikoa?

Eta hori baino garrantzizkoagoa, egileak egin behar duen galderarik inportanteena: ¿Zer kontatu nahi dugu istorio honekin?

Nik jada erantzun batzu ditut galdera hauentzako, baina nire erantzunak dira, eta ez dira sortu daitezkeen onenak.  

Zabalik dago, bada, “lanean” hasteko epea. ¿Non? Honako blog honetan: http://www.blogak.com/biko

 Egia esan, ez dakit portu on batetara iritsiko denentz asmoa, neronentzat ere gauza berri eta iheskor xamarra baita. Baina hasi, hasiko naiz bederen. Hasiko gara, hobe esanda.  Hasieran esan bezela, esperimentu bat planteiatzen ari naiz, eta egia esan gehiago interesatzen zait prozesua ezen bukaera bera.

Ondo ateratzen bada, gogoan hartu, bestela, ahaztu.

 

Patxo Telleria