TEATRO LAN BAT EGITEKO INSTRUKZIOAK

1. HAUSNARTU.

Pentsatu bi aldiz. Zure hutsune existentziala betetzeko badira irtenbide seguruagoak: macrame, puenting, drogak... Ez? Temosoa zara, ondo da, baina jakin zazu: porrot egiteko aukera asko duzu.

2. HIZKUNTZA AUKERATU.

Edo erderaz edo euskeraz edo bitara. Euskeraz egiten baduzu, ziurtatu Ameriketan osaba aberatsa duzula, hilzorian, zu beste ahaiderik ez duena. Bestela, baztertu ideia. Erderaz egiten baduzu, eskatu subentzio bat Nafarroako Gobernuan. Elebiduna egitea bururatzen bazaizu, kontenpla zazu diru-aurrekontuan eskizofreniaren tratamendurako partida bat, 8:00.tan “El perro del Hortelano” eta 10:30.tan “Baratzezainaren zakurra” antzezteak neuronak nahasten dituelako, baldin eta aktoreok neuronak baditugu. Hizkuntzarena hautaketa erreza da: edozein kasutan porrot egiteko aukera asko duzu.

3. IZENBURUA.

Drama bat ekoiztu nahi baduzu, disimulatu!! Arthur Miller-en “Biajante baten heriotza” eskenaratzekotan, izenburu friboloago bat aukeratu: “Jode, nola dagoen trafikoa!”. Komedia bat egiten baduzu azpimarratu tituloan: Dario Fo-ren “Anarkista baten ezusteko heriotza” komedia irrigarria da, baina “anarkista” eta “heriotza” hitzak ez dute “saltzen”; aldatu eta ipini “Loca academia de policía 5”, egidazu kasu. Dena den, badago formula majiko bat, Madrildik datorrena. “Kutsidazu bidea Ixabel”-ek Arriaga bete zuen, baina “5 baserritar.com” deitu izan balitz, San Mames beteko zuen. Korrikak “Euskeraren zazpi pekatu kapitalak” ekoiztu berri du eta ez da izenburu txarra, baina ipini dezatela “Zazpi bekatu. org” eta AEK-ko irakasleen datorren urteko nomina ziurtatuta egongo da, Garzon lagun. Kasurik egiten ez badidazu, porrot egiteko aukera asko duzu.

4. EGILEA

Egileak hilda behar du. Ez gaizki ulertu, ez dizut aholkatzen zure antzezlanaren egilea asasinatzeko. Trantze gogor hori saiesteko hobe jada hilda dagoen bat aukeratzea. Edo altuenean hilzorian. Kontsolidatu gabeko egilerik ez aukeratu sekula!! Eta erokeria hori egiten baduzu, gutxienez ezaguna izan dadila. Tira, idazten badaki, hobe, baina famosoa izatearena garrantzitusagoa da: Pocholo aukera ona izan daiteke. Bestela porrot egiteko aukera asko duzu.

5. ANTZEZLEAK.

Telebistan agertzen diren aktoreak aukeratu. Ez badira zuk egin nahi duzun antzezlanera egokitzen, egokitu antzezlana. “Hamlet” eskeneratu nahi baduzu eta (demagun) Ana Obregon kontratatzeko zoria baduzu, ez galdu aukera eta Dinamarkako printze torturatua zegoen tokian, Dinamarkako printzesa pinpirin bat ipini. Azken finean Shakespeare hilda dago eta inor ez zaio kontuarekin joango; programadoreak aldiz, bizirik daude oraindik. Glamour-ik gabeko aktoreekin kontatu nahi baduzu zeuk ikusi, baina porrot egiteko aukera asko duzu.

6. DIRULAGUNTZAK.

Dirulaguntzak inportanteak dira, besterik ez bada, ABC-ko editorialistek antzezleok estatuaren kontura bizi garen parasitoak garela esan ahal izateko. Dirulaguntzak lortzeko, estrategiari buelta eman. Komedia bat egin nahi baduzu, disimulatu, gaizki ikusia dago eta. Epaimahaikoen aurrean zure proiektua defenditzeko orduan, hitz egin “zure barneko mamu”-ei buruz. Eta batez ere, hitz emaiezu atzerriko zuzendari bat kontratatuko duzula, ahal delarik Europa Ekialdekoa, aukeran Poloniarra. Nik honako hau komendatzen dizut: Jarwyesmintzeski. Ez du existitzen, baina hori du akats bakarra. Gainera datorren urterako fetxa libreak omen ditu. Zuzendaria Perez bada, tristea da esan beharra, baina porrot egiteko aukera asko duzu.

7. EPILOGOA.

Oraindik teatro lan bat egin nahi duzu? Kasu horretan, topa dagigun. Teatroa bizitza bera bezalakoa da, porrot txiki bat beste porrot txiki baten gainean, eta horrela porrot unibertsalaren egunerarte. Amen.

Patxo Telleria